XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1. Bertsoak noizko elurtean paratuak ote ziren

Leitzar askok gogoan daukan elurtea, iru otxo zittun urtekoa da, edo bestela esan: jitoak amuna yan zutenekoa.

Elurte ikaragarri hark bota omen zuen lurrera Leitzalarreko Aritz Aundi sonatua ere, honako bertso honek ederki azaltzen duen bezala:


Milla zortzireun larogei eta
zortzigarrengo martxoan,
elurte arek etzan zintuen
Ama lurraren altzoan,
Oroitarri au ezartzen dugu
eun urte betetakoan,
Aritz berri bat bertan aldatuz
zarraren zañen ondoan,
Leitzarrok beti gorde dezagun
Aritz Aundie gogoan.

Bertso hori, Miren Irurtiak egina, hantxe dago erori zeneko mendeurrenean plaka batean grabatua, Leitzalarreko Aritz Aundi haren ipurdiaren neurrira inguruz inguru para ziren harrietako batean.

Baina, haritz haundiaren erorrera ezik, bestelako gertakaririk ere oroitzen du Leitzako jendeak ordukoaz.

Malkorreko Martin Elduayeni ehun behor galdu omen zitzaizkion, horregatik gerozko izengoitia: Martin Behor.

Martimeleneko Joxemari Sagastibeltzak berriz, ardibordatik, Boxekanborda baino goraxeagoko hartatik, herrira ekarri eta Martimenelen 15 Lehen Komentu eta gero Ikastola izandako etxe oraintsu berritu dutenak, Martimelene izan baitu menderen mendetan bere izena. atera omen zuen bizirik artaldea zotz hezea emanez.

Jitoak amona jan zutelako susmurra ere zabaldu zen baztarretan.

Batzuk Kandeletxeko hortan esan didate, beste batzuk Martikoneko estartan, baina, ez bide zuten Leitzan jana, Amerongo zubipean baizik.

Honatx Miel Barriola Yoantzarkoak kantatu didan bertsoa, gertakari latz hura oroitaraziz:


Mille zortzireun da laroita zortzia,
Emen izandu zela negute fuertia;
Orma beltzak egiñez gero elurtia:
Ijitoak amona jan zuten urtia.

Tankera beratsura kantatu zidan Bittorio Martikonekoak ere; izan ere, hari ikasia zuela esan baitzidan Miel Yoantzarkoak.

Bertso honen zainak, hagitz zabalduak dira.

Aita Zabalak ere jaso zuen, Txirritaren testamentuan.

Bertsoa, bakar ageri da, eta ez du inolako argitasunik ematen Antonio Zabalak.

Txirritak berrogei eguneko elurtea aipatzen du.

Leitzako artzaiak berriz: Azarotik asita bost illabetian, geroztik emen gaude beti elurpian.

Ezin izan beraz, ama beraren umeak, bi kantaera horiek.

Horrez gainera, badute beste alde nabaria.

Leitzalarreko artzaiaren bertsoak lau puntukoak dira.

Txirritarenak berriz, puntu bat gehiago du, eta doinua ere badakar Antonio Zavalak, Errenteriko Juanito Zabaletari jasoa 16 Ikus: Txirrita, 169 orria. Auspoaren Sail Nagusia, 1992.

Ez du deus ikustekorik doinu horrek, niri Leitzan eta Goizuetan berritu dizkidaten doinu xaharrekin.

Gauzak horrela, bistan da Leitzalarreko artzaiaren bertsoak 1888ko elutean ez baina, lehenagokoren batean paratuak direla.

Halaxe esan dit leitzar batek baino gehiagok, eta niri ere geroztik bazterrak aztarkatzen jotako ahaleginek halaxe erakutsi didate.

Iruñeko udaletxeko hemerotekara jo dut, eta El Tradicionalista egunkaria begiratu.

Berri franko badakar 1888ko elute haundiari buruz.

Otsailaren aurren aldera eraso eta martxoaren erdirako urtuxeak omen ziren.

Ez zebilen, beraz, batere oker Txirrita, berrogei eguneko elurtea esatean; izan ere, hogeitazortzi urte baitzituen 1888ko elurtean, eta ongisko ezagutua behar zuen.

[Leitzalarreko ardiborda elurpean estalixea]

Elurrak botatako etxeak eta azpian harrapatutako jendea; mendian galdutako zenbait artzai; goseak hildako abere eta ardi sail ikaragarriak; herri barrenera eta ikuiluko atetara haragisur sartutako otsoak eta basurdeak; han eta hemen egindako sarraskiak; hotzak hormaturik hildako jendea,...

Kontu latz franko badakar aipatu egunkariak.

Baita Leitzako berri ere, 1888ko martxoaren 6an: Nos comunican de Leiza que las últimas nevadas han sido las mayores que recuerdan los ancianos de aquella villa, pues han superado a la del año 1830, que es la más abundante que han conocido los que viven. La capa de nieve en el interior del pueblo es de 1,23 m. y 2 m. en las afueras.

Leitzatik Irurtzunerako karrobideak auzolanez urratu omen zituzten, eta elurrezko mahai zurien gainean babak eltzeka paratuz, haren jiran zutik egiten omen zituzten otorduak.

Martxoaren lehenean berriz, ostegunarekin, honela dio pasarte batek: En la carta de Ollo recibida ayer se nos comunica que las grandes nevadas de los días pasados han hecho recordar las extraordinarias que cayeron en los años 1570 y 1675 (...)